Sin categoría

5 galdera… Iñaki Azkuna Bilboko Alkateari.

Nork Argitaratu du EM Euskadi | | ikusita 1999 aldiz

Iñaki Azkunak Bilboko alkate kargua betetzen du 1999 urtetik. Bere izaera gogorrari, hurbiltasunari eta argitasunari esker, baita kudeaketa eraginkor eta zintzoa gauzatu izanari esker ere, herritarren konfiantza bereganatu zuen berriro, […]

Iñaki Azkunak Bilboko alkate kargua betetzen du 1999 urtetik. Bere izaera gogorrari, hurbiltasunari eta argitasunari esker, baita kudeaketa eraginkor eta zintzoa gauzatu izanari esker ere, herritarren konfiantza bereganatu zuen berriro, oraingoan, 2011 urteko hauteskundeetan gehiengo absolutua eskuratuta.

Bizkaiko hiriburuaren transformazio ikusgarria, neurri handi batean, alkate honen espiritu berritzaile eta ameslariaren fruitua izan da. Izan ere, Bilbori Guggenheim Museoak 1997. urtean ekarri zion berrikuntzari jarraipena ematen jakin baitu eta, gainera, kontuak ondo eginez lortu ere.

Egun, Bilbo hiri erakargarria da, “garden, garbi eta argiagoa”, Azkunaren arabera. Denboraren joanak arrazoia eman dio, bere lan ona egiaztatzen duten onarpen eta sariak jasota. Azken hilabeteotan, munduko alkaterik onenaren saria jaso du eta Bilboko Udala Espainiako gardenena izendatu dute, atsegin berezia eragiten dio sari horrek.

Bilbori, sariei, lanari, bizitzari eta abarrei buruz hitz egiteko Udaletxeko bere bulegoan jaso gintuen, anfitrioi bikainaren pare. Plazera izan da politikari handi eta gizon paregabe honekin hitz egin ahal izatea, halako gutxi geratzen baitira. Azkunak burutzen dugun lan ona azpimarratu nahi izan zuen eta zera adierazi zigun: “indar, konstantzia eta irmotasun handiena duten elkarteetako bat zarete, izan ere, batek urtebetez egin dezake lan ona, baina hainbeste urtez jo eta su ibiltzea ez da lan erraza”.

Marta Fernández Rivera
Argazkiak: Enrique Moreno Esquibel @morenoesquibel

Alkateak bere autore gogokoenetako baten zita aukeratu du, Miguel de Unamuno jaunarena: «Mundu osoa Bilbo handiago bat baino ez da», ate handitik sartuta hasi gara …

Harrotasun handiena eragiten didaten gauzak bost urtean jaso ditugun gardentasun sariak dira.

World Mayor Saria jaso duzu, 2012 urteko munduko alkaterik onenaren saria. Ikuspuntu profesionaletik, nola baloratzen duzu sari hau? Eta zer sentitu duzu arlo pertsonalari dagokionez?

Hasieran txantxa bat zela pentsatu nuen. Baina, egia zela sinetsi nuenean, harrotasun handia sentitu dut eta, batez ere, sari hori bilbotar guztiena dela sentitu dut, ez nirea soilik. Eta, zelan ez, emozio handia ere sentitu nuen. Egia ala gezurra den zalantza hori daukazu, emozio hori. 900 hautagaitik onena al naiz ni? Galdera horiek guztiak egiten dizkiozu zeure buruari. Baina, azkenean, zera esaten duzu: “izan gaitezen praktikoak, hau oso ondo datorkio Bilbori”. Niri ez, nire harrotasuna bete betea da dagoeneko, baina Bilbori bai, ondo baino hobeto datorkio. Bost kontinenteetan barrena hitz egin dutelako guri buruz eta komunikabide askotan argitaratu delako. Eta horrek oso lagundu digu.

 Bilboko Udala Espainiako gardenena izate horrek beti, eta are gehiago garai honetan, zer eragiten dizu? atsegina, lasaitasuna …

Plaka horiek dira (biratu eta atzean duen beira-arasari begiratu dio) harrotasun handiena eragiten didatenak, gardentasunaren sariak. Egia esan, bost urtez Espainiar estatuko udalik gardenetarikoa izatea bada harrotasun arrazoi ona. Hala, zera esan dezakegu: “udaletxe txukun, garbi, antolatua daukat” eta hori garrantzitsua da.

Egun osoa gauza txarrei buruz hitz egiten ematen badugu hondoratu egingo gara eta ni ez nago horretarako prest. Alderdi positiboak bilatu behar ditugu.

Minbiziaren kontrako Mundu Mailako eguna ospatu berri da. Zu gaixotasun honekin bizi zara eta egunero egiten diozu aurre, mediku eta paziente izate horren alderdi bietatik. Zer esango zenieke zure egoeran dauden pertsona guztiei eta, oro har, edozein gaixotasuni aurre egin behar dioten pertsonei?

Egunero bizi dut hori eta borrokatu egin behar da. Kroniko bilaka daitezkeen minbizia asko dago eta, terapia on baten bidez, ez dakit menperatu den hitz egokiena, baina bertan geldi behintzat gera daiteke eta urte luzez bizi txukun eta atsegina izan dezakezu. Egia da konpontzeko zailak diren zenbait minbizia badagoela, baina beste batzuetan, garaiz harrapatzen badira, urte luzez bizi daiteke eta era nahiko normalean. Gainera, sistema publikoa oso ona dela uste dut. Eta Bilbon daukagun sistema pribatua ere bai, IMQrekin. Amerikako zentroetan dauden zenbait espezialitate falta izango dira, bai, baina, oro har, sistema ona da.

 Nola baloratzen duzu sare sozialen erabilera turismoa sustatzeari dagokionean?

Ereitea eta etxean dauzkazun gauza onak erakustean datzan guztia ondo iruditzen zait, txarra erakustea ez delako beharrezkoa, besteek ezagutarazten dute hori eta. Beraz, daukagun eskaintza turistikoa ezagutzera ematean datzan guztia interesgarria da. Hori kanpora ateratzeko sare sozialak erabili behar baldin badira, ba ondo. Dena dela, arazoa da gauza batzuetarako onak direla eta beste batzuetarako txarrak, baina ontasunaren eta gauzen alde positiboaren alde egingo dugu.

 Zer da hobea, errealitatea ala desioa?

Errealitatea oso tematia da eta ez duzu berari aurre egin beste erremediorik. Desioa emozioen parte da eta egon egon behar du, baina ez da beti errealitate bilakatzen. Hor dauka bere xarma eta helburua. Eta zerbait bilatzea ere bai… bestela buztinezko pastel bat bezalakoxeak izango ginateke. Desio eta emoziorik izango ez bagenu eta ezeren atzetik ibiliko ez bagina, oso tristeak izango ginateke. Eta nik uste dut pertsona nahikoa konplexua dela mota guztietako emozio, pasio, maitasun, gorroto eta abarrak sentitzeko. Horrek guztiak osatzen baitu pertsona. Hori dela eta, pertsona onak negatiboa baino gauza positibo gehiago dutenak dira. Jende oso negatiboa dago hortik zehar eta zeharo ozpinduta daude. Ez dut esan nahi Txanogorritxoren ipuinean bezala bizi beharko genukeenik, baina bai beti alderdi positiboa, eskuzabala bilatu behar dugula, laguntasuna, maitasuna, adiskidetasuna, leialtasuna … horiek gauza onak dira. Gauza txarrak euren bakarrik aterako dira azalera. Egun osoa gauza txarrei buruz hitz egiten ematen badugu, horrekin batera hondoratuko gara. Eta ni ez nago horrekin batera hondoratzeko prest.

VIDEOS DE YOUTUBE
Ir al canal de youtube »